Lurrama : trukaketa leku bat aktore ezberdinen artean
Azaroaren 8tik 10era, Lurramaren 19. edizioa izan da Miarritzen. Hainbat
jende hurbildu da azokara eta laborari/kontsumitzaileen arteko harreman lekua
izan da. Aurtengo gozama Karine Jacquemart zen Foodwatch elkarteko
presidentea. Elkartearen helburua sanoki jatea eta «elikadura demokrazia»
bultzatzea izan da, Lurramaren helburuekin bat eginez.
PATXI BELTZAIZ
Laborari batzuek aspalditik ezagutzen dute Lurrama azoka Bankako Uhaldea
etxaldeko semea bezala, burasoak ari bazitzaizkion mozkinen saltzen azoka horretan.
Anitzek haien mozkinak zuzenki etxaldean ekoizten dituzte eta zirkuitu laburrean
saltzen, Hazparneko Chantal Recalde bezala, berak arroltzeak, haragia eta gasna
ekoizten ditu. Azoka horretan parte hartzen duten gehienak biologikoan dira, garapen
iraunkorraren alde. Haientzat laborantza modu hori aterabide bakarra da. Azokak haien
ikuspuntua nekazaritzari begira sustengatzen du ber baloreak partekatzen baititu.
Gainera, aurtengo Lurramaren tematika « Laborantza herrikoiaz bizi eta elika gaitezen
» izendatua izan da.
Kontsumitzaileek ere bazuten errateko Lurramari buruz eta oso uros ziren egun
goxo bat pasaturik abereen artean. Emazte batek zion « Partekatze momentu bat da
familiarekin, ene alabarekin. Esperientzia bat da, ene alabak behien jeztea entseatu du,
biziki ludikoa zen. ». Beste batzuek zioten « Urte guziz heldu gara, guretzat inportantea
baita lokalki kontsumitzea. ». Hala ere, askok aitortu dute batzuetan zaila zela bakarrik
ekoizpen lokalak erostea batez ere prezioen inflazioagatik. Nahiz eta prezioak gora
diren, ahal duten guzia egiten dute tokiko mozkinen kontsumitzeko.
Baina, zer litzateke Lurrama laguntzailerik gabe ? Hiru egunez mila bat
laguntzaile elkartzen dira azoka funtzionarazteko. Arlo guzietan lan egiten dute :
sukaldaritzan, muntaketan, txartel saltzean, ostatuan, etab… Mundu ezberdinetakoak
dira batzuk laborari ohiak dira, besteek aldiz ez dute loturarik laborantzarekin, salbu
egun horretan. Bolondres dira asteburu eder baten antolatzeko eta laborantza mundua
ezagutarazteko. Anitzen baitan egun horrek bokazio berriak sortzen ahal ditu…
Korsikarrak : Ohorezko gomitak
Korsikarrek ber helburua partekatzen dute: laborantza bizigarri eta kalitatezko
bat egin nahi dute, garapen iraunkorra errespetatuz. Laborantza zutabe inportantea da
arlo ekonomiko zein sozialean baita ingurumenean ere. Korsikan laborantza politika
biziki azkarra da eta sustengatua. Harreman handiak badira korsikar eta euskal
laborarien artean elkarlaguntzeko eta zailtasunetaz mintzatzeko, “elkarlaguntza”
nekazaritzaren hitz gakoa baita. Laguntza horren bidez korsikar laborari anitz
gomitatuak izan dira.
Korsikan ez da Lurramaren baliokiderik baina anitz feira antolatzen dituzte
urtean zehar lekuko mozkinak aitzinera emateko (abd : gaztainaren feira, eztiarena,
etab…). Euskal Herrian bezala tokiko jendeek ahal dutena egiten dute lokalki
kontsumitzeko baina turismoak du gehienik ekonomia bultzatzen. Marie-Antoinette
Maupertuis-k, Korsikar asanbladako presidentea, zion : « Prezioak emendatu dira beraz
korsikarrek zailtasunak dituzte, batez ere familia xumeenek, tokiko mozkinen
eskuratzeko eta kontsumitzeko. […] Korsikarrak borrokatu dira laborantza salbatzeko
beraz haientzat eskubide legitimo bat da lokalki kontsumitzea ! »
Beste zailtasun batzuei ere aurre egiten diete: Euskal Herrian bezala
laborantzarako erabiliak diren lurrak etxeen egiteko salduak dira eta maiz
turismoarentzat erabiliak. Horrek laborariak zailtasunean ematen ditu ez baitute
gehiago hainbeste lurrik.
PATXI BELTZAIZ
Elaia Arsaut eta Kattin Moustrous